IPUIN: BOST ZIPRESEN HERRIA 

Bazen behin, duela urte asko, urrutiko herrialde baten bizi zen gizon bat. Ez zen gizon aberatsa. Ez zen, ezta ere, gizon txiroa. Gizon arrunta zen, bizitza arrunta zuen gizona. Gizon honek amets bat izan zuen.

 

Txori bat bere leihoan pausatu eta zera esaten ziola amestu zuen: “Bost zipresetako hirian altxor bat dago zure zain”. Baina gizonak, txoriari zein herri zen hori galdetzeko ahoa ireki zuenean, txoria eta ametsa uxatu zituen. Momentu horretan esnatu egin zen.

 

Ezagutzen zituen guztiei galdetu zien herri misteriotsu horren berri eman baziezazkioketen. Baina inork ez zuen inoiz herri horri buruz ezer entzun. Horrela ba, gizona konturatu zen zegoen lekuan jarraituz gero ez zela inoiz iritsiko joan behar zuen tokira. Beraz, etxea, baratza eta zituen gainontzeko ondasun apurrak saldu, lortutako dirua larruzko poltsa batean sartu eta gerrira lotu zuen, eta zaldi gainean abiatu zen.

 

Egunsentiaren norabidea aukeratu zuen; goizero eguzkia ateratzen ikusten baldin bazuen  egunero altxorra agertzen balego bezala izango litzatekeela pentsatuz. Hurrengo goizean eguzkiarekin batera esnatu zen lautadak ibili, mendiak igo eta aintzira eta ibaiak zeharkatzeko. Baina herriaren arrastorik ez zuen aurkitu.

 

Hala ere, txoriak ametsetan zegoela hitz egin zion herri hartaz. Horregatik, urteetan zehar, arrisku, bero eta hotzak gaindituz, jarraitu zuen herriaren bila. Esperantzarik gabe geratzen hasita zegoeneko goizalde batean, eguzkiak bere esku epelekin aurpegia laztantzen zioneko goizalde batean, zeru ertzean, mendi baten magalean, dorreen antzeko silueta handi eta beltz batzuk ikusi zituen. Zipresen silueta zurrunak ziren.

 

Nekez bereiz zitzakeen, lanbro baten antzera itsutzen zuen argi artean mehatxari agertuz. Hala ere, bere bihotzak haiengana jo zuela zirudien, eta nahi gabeko aho uhalen tiraldien ondorioz, zaldia urduritu egin zen.

 

Trostan, trostan eta trostan egin zuten.

 

Azkenik, mendira iritsi zirenean, zaldia bitsetan zegoen eta gizonari ilea kopetara eransten zitzaion. Eguzkia ia ezkutatzen hasia zen, eta egunak zuen argi apurrean, gizonak bost zipres handiren irudia ikusi ahal izan zuen.

 

Hala ere, han ez zen inondik ere herririk ikusten. Larrituta, mendiari buelta eman zion, gailurrera igo zen, alde guztietatik bilatu zuen; baina ezer ere ez. Zaldiz eginiko ibilbidearen ondorioz guztiz nekatuta egon arren, ia ia ilunetan, antzinako herrixkaren baten hondakinik, abandonaturiko harri multzo bat besterik ez bazen ere, bilatzen saiatu zen.Dena alferrik.

 

Azkenean, guztiz nekatuta eta etsituta, zipresen hanketan etzatea erabaki zuen. Sakon egin zuen lo ordu askotan zehar eta esnatu zenean, lekua oso atsegina zela ikusi zuen, oso bista ederrekin eta zuhaitz eta zelai berdez inguratua. Bere baitan, bakea eta lehenago inoiz esperimentatu ez zuen lasaitasuna sentitzen zituela konturatu zen. Egun batzuetan bertan geratzeko erabakia hartu zuen. Egun hauetan aurretik izan zuen bizimodua eta altxorra bilatzearen ilusioak bultzatuta bidai luze honek eman zion zoriontasunaren inguruan hausnartu zuen, bidaian zehar izaniko gora-behera guztiak kontuan izanik.

 

Orduan konturatu zen, nahiz eta altxorra ez aurkitu, bizitza honetan benetan zer nahi zuen, aurkitu zuela.

 

Apurka apurka, gizona gero eta argiago ikusten zuen ondorio batetara iritsi zen: bidaian zehar ikasi zuena ez zuela berarentzat bakarrik gorde behar, beste batzuekin konpartitu behar zuela. Eta horretarako mendi horren gainean herri bat eraikitzea erabaki zuen, bizitzeko era osasuntsua, xumea eta inolako handikeriarik gabeko herri bat.

 

Eta horrela egin zen. Gizon honen jakituriaren ospeak eta lekuaren edertasunak erakarrita, beste pertsona batzuk ere iritsi ziren eta herria eraikitzen lagundu zioten;  herri eder bat jende atsegina, irribarretsua eta elkar laguntzeko prestua zeukan herria.

 

Hemen, irakurle atsegin hori, barkamena eskatu behar dut nire oroimen urriagatik,  herriari jarri zioten izana ahaztu egin zaidalako. Ahaleginak egin arren, lortzen dudan bakarra, “E” letraz hasi eta “a” letrarekin bukatzen dela da. 

 

Gizona, bizitza luze eta zoriontsu baten ondoren hil egin zen. Baina inoiz ez zuen jakin lur horren azpian, zipresen sustraiek ondo babestuta, urre eta zilarrezko txanpon distiratsuz beteriko kutxa bat zegoenik. Eta ziur asko gaur egun ere han egongo da.